1. Hasi
  2. Hiria
  3. Zer egin eta zer bisitatu
  4. Iruña 16 gertaeratan
  5. Nafarroako museoa

Nafarroako museoa

Nafarroako Museoko fatxada

Helbidea eta harremanetarako datuak

Santo Domingo k., z.g. 31014, Iruña

Telefonoa: 948426492

Ordutegia:

  • Asteartetik larunbatera: 10:00 - 14:00 eta 17:00 - 19:00
  • Jaiegunetan: 11:00 - 14:00
  • Astelehenetan: itxita

Egoitza

Nafarroako Museoa Iruñeko museorik baliotsuena da. Andre Mari Errukizkoaren Ospitalea izandakoan dago, Errege Jauregiaren aurrean, Santo Domingo aldaparen hasieran nabarmenduz. Hainbat bilduma arkeologiko eta artistiko hartzen ditu, historian zehar Nafarroarekin zuzeneko lotura dutenak.

Eraikin horrek 1956an hartu zuen Museoa; izan ere, garai hartan Museoak Comptos Ganberan zeukan egoitza zaharra utzi behar izan zuen, fondo gehiegi zituelako, eta gaur egungo eraikina hartu. Garai batean Andre Maria Errukizkoaren ospitalea izan zen eraikinetik Juan de Vilarrealen fatxada platereskoa eta hari atxikitako kapera besterik ez dira gelditzen gaur egun.

Kapera Iruñean den gotiko-errenazimendu deituriko estilo horren adibideetako bat da. Berriki zaharberritu dute, eta arte sakratu errenazentista eta barrokoaren areto iraunkorra bilakatu. Portada barrokoa du (1733), Garesko Bakardadearen elizatik ekarria, eta bertan 1934. urtean paratu zuten 1934.

Museoaren parte berria, 1990. urtean inauguratutakoa, Jordi Garcés eta Enric Soriaren proiektuaren arabera egina dago. Erakusketa iraunkorra hartzen du, halako eran non eraikinaren mendebaldeko hormartearen lau solairuetan baitago, eta kronologikoki antolatuta, behetik gora.

Beheko solairuan, aldi baterako erakusketak eta hitzaldiak antolatzen dituzte. Harresietara ematen duen lorategian, hainbat mosaiko eta aztarna arkeologiko daude ikusgai. Begiratoki moduan, Irantzuko monasteriotik ekarritako trazeria gotiko batzuk dira nabarmen.

Bilduma

Nafarroako Museoaren bilduma honela dago banaturik:

  • 1. solairua: Historiaurrea, arte Erromatarra eta Erdi Aroko artea
  • 2. solairua: Erdi Aroko artea eta Errenazimendua
  • 3. solairua: Barrokoa eta XIX. mendea
  • 4. solairua: XIX eta XX. mendeak

Lanik nabarmenenak honakoak dira: Teseoren mosaikoa, Leireko kutxeta eta San Adriango Markesaren erretratua, Goyak egina.

Teseoren mosaikoa

Museoan mosaiko erromatarren bilduma interesgarria dago, herrietan aurkitutakoak (Liedena, Irunberri); mosaikoak Inperio berantiarraren garai ingurukoak dira (IV eta V. mendeak). Iruñean agertu zen Teseo eta Minotauroarena (140x160 zentimetro) da ezagun eta baliotsuena. Zola oso baten eszena nagusia jasotzen du; dirudienez, zola horretan Kretako labirintoa osorik irudikatuta zegoen. Teseoren borroka oso ohiko gaia da arte erromatarrean.

Leireko kutxeta

Leireko monasteriotik datorren bolizko obra hispano-arabiarra bikaina da. 1005. urtean egin zuten, Medina Zaharako lantegian, Almanzorren semearentzat. Gorteko bizitzaren irudiak erakusten ditu.

San Adriango Markesaren erretratoa

1804. urtean Goyak sinaturiko lan hau Museoko artelan nagusia da, Aragoiko pintore horren erretratu onenetakoa. Goya José María de Magallón Armendariz markesaren laguna zen. Gizon noble frantsestu hura José Bonaparte Espainian Napoleonen txotxongilo-errege izandakoaren txanbelan izatera iritsi zen, eta Museoko koadroan zaldiz ibiltzeko jantziarekin ageri da.

© Iruñeko Udala. Udaletxe Plaza z/g 31001 Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es

Partekatu

Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI