1. Hasi
  2. Hiria
  3. Zer egin eta zer bisitatu
  4. Iruña 16 gertaeratan
  5. Andre Maria katedrala

Andre Maria katedrala

Katedraleko klaustroko arkuak

Helbidea eta ordutegia

Helbidea: Andre Maria Erreginaren plaza, zk.g.

Bisitendako ordutegia:

  • Astelehenetik ostiralera: 10:00 - 13:30 eta 16:00 - 19:00
  • Larunbatetan: 10:00 - 13:30
  • Igandeetan: itxita

Gurtzarako ordutegia:

  • Astegunetan: 9:00 eta 18:00etan
  • Igandean: 12:00 eta 20:00etan
  • Esklabuen errosarioa: 19:30

Santa Maria katedrala

Santa Maria katedrala dugu Iruñeko monumentorik enblematikoena eta altxor historiko-artistiko gehien gordetzen dituena. XIV eta XV. mendeetan eraiki zuten, lehen eliza erromaniko bat eta are lehenago Pompaelo hiri erromatarra zegoen orubean. Fatxada neoklasikoaren gibelean, eliza gotiko soila ikus dezakegu, Baionako katedralaren estilo frantziarretik inspirazioa hartu zuena. Bertako bitxirik preziatuena klaustroa da.

Karlos III.aren hilobia

Presbiterio aurrean, 1423. urtean Iruñearen batasuna lortu zuen errege honen eta Leonor Trastamarako emaztearen mausoleoa dago. Sastagoko alabastroz egindakoa da, eta haren egilea Herbeheretako borgoindar eskolako Tournaiko Johan Lome dugu. Hauxe da Nafarroako multzo eskultorikorik garrantzitsuenetakoa. Errege-erreginaren figura etzanekin batera, nobleziaren eta goi-kleroaren 28 irudi daude. Hilobi azpian kripta bat dago, baina ezin da bertara sartu. Kriptan katedralean hilobiratutako errege-erreginen eta printzipeen gorpuzkiak dautza.

Antxietaren Kristo Santua

Katedralak gordetzen dituen bitxietako bat da, eta Espainiak duen XVI. mendeko gurutziltzaturik ederrenetakoa. Juan Antxietaren maisu-lana San Joan Bataiatzailearen kaperan dago, katedralera sartu eta ezker aldeko lehendabizikoan. Hasieran Barbazana kaperan zegoen. Elezaharraren arabera, Kristoren adatsak bularrarekin bat egiten duenean munduaren akabera etorriko da.

Barbazana kapera

San Pedro eta San Pauloren irudiek harrera egiten diete bisitariei, alde banatako ate-zangoetan. Barruan, burualdean, Kontsolamenduaren Ama Birjina dago, harri polikromatuz egindako balore handiko tailua. Lehenengo eta behin, ganga gotiko oktogonala gailentzen da, Armando Barbazán (1319-1355) apezpikuaren hilobiaren gainean; apezpikuari sagaratua da, hain zuzen, klaustroko tokirik antzinakoena den kapera hau. Toki hau aukeratzen dute iruindar askok bertan ezkontzeko. Iruñeko hainbat apezpikuren gorpuzkiak kaperaren kriptan dautza.

Klaustroa

Katedraleko tokirik preziatuena da, bai eta mundu osoan estilo gotikoan aurki daitekeen eraikin gorenetakoa ere. 1286 eta 1472. urteen artean eraikitakoa da. Europan gutxi dira maila horretako klaustroak.

Lau aldeetan orotan alderik alde egiten dute seina ogiba-arku zoragarrik, eta arkuetako trazeriak beste garaiak dakarzkigute argiarekin harrien kontra jolasgarri ari direnean. Horren gainean, gainklaustroa; erdian, lorategi txikia. Bost aurrealdeek barruti honetako eskultura-multzorik garrantzitsuena osatzen dute.

Gainera, klaustroaren gangetan diren 56 giltzarrietako 46 irudizko erliebekin apainduta daude. Kreazioa sinbolizatzen dute: ertzetan paradisuko ibaiak irudikaturik daude, erdiko gangetan haizeek puntu kardinalak nabarmentzen dituzte, eta, alegoriari buru emateko, urteko eginkizunak.

Klaustroa museo txiki bat da, non gotikoaren eskultura monumental eta apaindurazkoaren bilakaera antzeman daitekeen, XIII. mendetik aitzina (ekialdeko lehen kapiteletan) XIV. mendearen azken herena bitarte. Errepertorioa izugarri aberatsa da, apainduraz eta ikonografiaz bezainbatean, batik bat kapiteletan. Gaiak ez dira kontu erlijiosoetara bakarrik mugatzen, bertan agertzen baitira, esaterako, eguneroko bizitzaren eszenak eta alegiazko irudiak.

© Iruñeko Udala. Udaletxe Plaza z/g 31001 Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es

Partekatu

Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI