1. Hasi
  2. Hiria
  3. Zer egin eta zer bisitatu
  4. Iruña 16 gertaeratan
  5. Ziudadela eta Gaztelugibel

Ziudadela eta Gaztelugibel

Ziudadela elurpean

Hiriaren hauspoak

Ziudadelak eta hori inguratzen duen Gaztelugibel gerriko berdeak Iruñeko landare-hausporik handiena osatzen dute, eta badira, aldi berean, erreferentzia urbanistikorik garrantzitsuena ere. Arbolez eta larrez osaturiko 280.000 metro koadro dira, eta 1571 eta 1645. urteen artean Iruñearen defentsarako egin zen eraikin batean txertaturik daude. Bertako pabiloiak, lubanarroak, bastioiak, rebellinak eta glazisak toki publikoak dira gaur egun, aisia, kirol eta kulturarako erabiliak.

Gaztelugibel

Gaztelugibelak zio militarrengatik iraun du bere horretan: Ziudadelaren glazisak ziren, lubanarro eta harresietara doan desnibel txikiko eremua, non eraikitzea debeku izan baita. XVII. mendeaz geroztik, toki hau pasealekurik begikoenetakoa dugu iruindarrok. Ongi zaindutako berdegune zabala da, eta hor elkarren ondoan egoten dira paseoan daudenak eta futbolean edo korrika aritzen direnak. Paseoaren atsegingarri, bankuak, iturriak eta bidexkak daude bertan.

Bideko lurzoruan Gaztelugibelak bi haize-arrosa ditu, bata Eraikin Singularraren ondoan, Pio XII.aren eta Armada etorbideen gurutzean, eta bestea Ziudadelarako sarbide batean, Laguntza-atean.

Ziudadela

Ziudadelako barne aldea oinezkoei bakarrik irekita dagoen parke publikoa da, eta bertan ondokoak daude: bidexkek zeharkaturiko larre zabalak, iturridun plaza txiki bat, atseden hartzeko bankuak, haurrendako aisiagune txikia eta hogeita hamar bat zuhaitz-espezie.

Udalak kudeatzen dituen erakusketa guneak ere badira.

Bolborategia

1694an eraikia, hauxe dugu barruti honetako eraikinik antzinakoena. Egun, arte erakusketak egoten dira bertan ikusgai.

Armen aretoa

1725ean eraiki zen, Verboom ospetsuak Ziudadelarako eta harresietarako egin zuen erreforma-proiektuarekin bat. Lau solairukoa da, eta artilleriako biltegia izan zen. Gaur egun, arte eta kultur erakusketak eskaintzen dira bertan.

Labea

Ogia egiteko zen gotorleku honetako antzinako labea, egun, abangoardiazko erakusketa eta instalazioetarako gunea dugu.

Mistoen eraikina

Eraikin honetako bi areto erraldoiek beste erakusketa-gune bat osatzen dute. Hainbat alditan zaharberritua izan da, 1720an lehen aldiz, eta, gero ere, beste zenbaitetan.

Lubanarroak

Armada etorbidetik edo Gaztelugibeleko hainbat puntutatik lubanarroen labirinto txikira igaro daiteke. Erditik doan bidexka batek lubanarroen perimetroa inguratzen du, Armada etorbidetik Yanguas y Mirandaraino. Ibiltariek urmael txikiak, kirol-pistak eta frontoi ezagun bat ere topatuko dituzte.

© Iruñeko Udala. Udaletxe Plaza z/g 31001 Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es

Partekatu

Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI