1. Hasi
  2. Hiria
  3. Zer egin eta zer bisitatu
  4. Iruña 16 gertaeratan
  5. Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgelategia

Nafarroako Unibertsitate Publikoa Nafarroako Parlamentuak sortu zuen, 1987. urtean. Orduz geroztik, izugarri handitu da. 10.000 ikasle baino gehiago aritzen dira Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitekto nafarrak Iruñearen hegoaldean diseinatutako campusean.

Unibertsitate Publikoaren campusak 300.000 metro koadro inguru ditu. Saenz de Oizak Sarasate pasealekuaren egitura imitatu nahi izan zuen, baita neurrietan ere: Liburutegiak Nafarroako Jauregiaren ordeak egiten ditu, eta Errektoretzak antzinako Justizia Jauregiarenak. Unibertsitatean badira departamentuetako sei eraikin, ikasgelategi bat, kafetegi bat, jantokiak, Administrazio eta Kudeaketarako egoitza eta Errektoretza.

Liburutegia da campuseko eraikinik ikusgarriena. 746 irakurketa-postu ditu, eta 225.000 liburuki. Gangak iragazi egiten du irakurketa eta kontsultarako barneko nabe erraldoia argitzen duen argia. Gainerako eraikinak alboetan kokatzen dira.

Campuseko lorategietan kontinente guztietatik ekarritako ehun zuhaitz-espezie daude. Ikasgelategitik Errektoretzarako bidean, departamentuetako hiru eraikinen artean, lorategiak daude, eta bertan espezie amerikarrak (sekuoia, akaziak, magnolioak), afrikarrak (palmondoa, Libiako izeia, Atlaseko zedroa) eta ozeaniarrak (eukaliptoak). Aurrez aurre, Liburutegiaz bestaldean, zuhaitz asiarrak (pagodetako arbola, hurrondo turkiarra) eta europarrak daude. Bada, baita ere, Nafarroako gune klimatiko ezberdinetako landareen sorta bat.

Campusa, bestalde, atari zabaleko eskultura-museo txiki bat da. Izan ere, egungo hainbat egile nafarren obrak daude bertan. Barne aldeetan dauden hiru instalazio izan ezik, gainerakoek eraikinen arteko lorategiak eta paseoak apaitzen dituzte, eta edozein bisitarik miresten ahal ditu.

© Iruñeko Udala. Udaletxe Plaza z/g 31001 Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es

Partekatu

Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI