1. Hasi
  2. Hiria
  3. Merkataritza
  4. Udal-merkatuak
  5. Marketing-plana

Marketing-plana

Udal-merkatuetarako marketing-plana hiriko merkatuen inguruari buruzko azterlan sozioekonomiko batean dago oinarriturik. Azterlan hori nazio mailako aholkularitza enpresa batek egin du.

Planaren oinarrizko helburua Iruñeko merkatuak sustatzea da, inguruko merkataritzaren motorrak direlakoan. Kalitatea, bezeroekiko harremanak, garaian garaiko eskaintza, hiriaren animazioa eta parte-hartzea dira planak bultzatzen dituen elementuetako batzuk.

Denda ugari batera egotea, produktu freskoaren espezializazioa eta tradizioa ahalmen handiko merkataritza-ezaugarrietako batzuk dira. Baina, ezaugarri horiek berekin daramatzate hainbat zailtasun, kudeaketa batera egiteko, jarrera berritzailea izateko, bai eta Iruñeko merkatu gisara merkataritza-ikuspegi bateratzailea izateko ere.

Plan honetan definituriko estrategiak lelo bat dauka, merkatuek Iruñeko elikadura-eskaintza dela-eta daukaten jarrera laburbiltzen duena. Hauxe da jarrera hori: Merkatuek jakintza eta kultura transmititzen dituzte.

Merkatuek harremana dute bezeroekin; ez dira mugatzen, bada, gainerako merkataritza-moduak bezala, produktuak eskaintzera, eta elikagaiei buruzko ezagupenak eta kultura transmititzen dituzte, baina herriko “plazan” egiten zenaren antzera, topagune baitira, bai eta argibide gunea eta herriko bizitzaren nondik norakoak biltzen dituen lekua ere.

ARDATZ ESTRATEGIKOAK

Merkatuei buruzko ikuspegi hori hiru ardatz estrategikotan zehaztu da, eta haien gainean eraiki da planaren hezurdura, ardatz bakoitzaren orientabide estrategikoa islatzen dituzten ekintzak bilatuz.

I. ardatza. Elikadura osasungarria: kalitatea

Iruñeko merkatuek kalitatezko elikagaiak eskaintzearen aldeko apustua egiten dute, eta herritarren ongizatearen hobe beharrez jarduten dute. Osasuna hertsiki lotuta dago elikadurarekin, eta merkatuetan esku hartu nahi dugu Iruña hiri osasungarria izan dadin laguntzeko.

II. ardatza. Hirian integraturiko merkatuak: Iruñeko plaza

Iruña hiri ireki eta anitza da, eta merkatuek lagundu egiten dute Iruñeko biztanleen kezkak ezagutzen; izan ere, etxean bezala sentitzeko, ongi sentitzeko, herritarrek behar dituzten produktuak eskaintzen dituzte. Erosketa merkatuan, plazan, egitea, hiriaren partaide sentitzea da.

III. ardatza. Produktu freskoak eta garaian garaikoak, aukeran

Unerik onenean erostea, garaian garaikoa aprobetxatuz erostea, aukera aprobetxatzea. Merkatuek elikadura bizi dute, hartu-eman aktibo eta dinamikoa dute produktuekin. Onena, egokiena aurkezten dute egunero. Ez dago biltegirik: saltokitik saskira.

MARKETING EKINTZAK

Honakoak dira plan honek proposatzen dituen marketing ekintzak: sustapena, animazioa eta nabaritasuna.

Produktu jakin batzuen edo data jakin batzuetako salmentak zuzenean areagotzera zuzendutako ekintzak.

Animazio-ekintzak, merkatura doazen bisitarien kopurua handitzeko. Gazteei, profesionalei, turistei, haurrei eta helduei zuzendutakoak. Ekintza hauen bidez normalean merkatua erabiltzen ez duten edo ezagutzen ez duten herritarrengana iristen saiatuko gara.

Nabaritasun-ekintzak, merkatuek Iruñeko merkataritza-eskaintza orokorrean tokia izan dezaten. Markatuek eman nahi duten irudia, marka, indartzen duten ekintzak dira. Merkatuak bertan daudela ekarri nahi dute gogora, urte osoan zehar.

Ekintza horiek garatzeko, lagungarri zaizkien beste batzuk garatuko dira; ondokoak, besteak beste: uneoro jakinaraztea komunikabideen bitartez egin beharreko ekintzak, edo jarraipena egitea ekintza horien, inguruaren, eskaintzaren eta eskaeraren, sektorearen bilakaeraren, tokiko ekonomiaren eta abarren eraginari, ekintzak koordinatzea, datak egokitzea, berritasunak txertatzea, kostuak arintzea, finantziazioa bilatzea eta abar.

© Iruñeko Udala. Udaletxe Plaza z/g 31001 Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es

Partekatu

Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI