1. Hasi
  2. Hiria
  3. Zer egin eta zer bisitatu
  4. Pasealdiak hirian barna
  5. Ziudadela eta harresiak

Ziudadela eta harresiak

ziudadela. Irudi panoramikoa

Ziudadela

Glazisak

Izen horrekin gotor guneen ondoko lurzoruak izendatzen ziren. Pixkana eta uniformeki lubanarroetara doan maldan beherako azalerak osatzen du glazisa; bertan ezin zen eraikinik egin. XVII. mendeaz geroztik pasealekurik begikoenetakoa dute iruindarrek honako hau. Egun, lorategi horiek -Gaztelugibela- berdegune aparta dira, paseoan ibili edo kirola egiteko.

Lubanarroak

Lubanarroetara ere egin daiteke bisita; izan ere, parke honen parte bat dira. Labirintu itxurako espazio honek bidexka bat dauka erdian, eta horren aldeetara, urmael txikiak, kirol-pistak eta frontoi ezagun bat.

Guardia-gorputza

Barrutiko ate nagusia Llovet-en (1767) proiektu baten arabera eraiki zen, eta Armada etorbidera ematen du. Barru aldean guardia-gorputza dago, gaur egun Udal-biltokia eta -bulegoak hartzen dituena.

Laguntza-atea eta Kapera

Ate hau Andre Dona Maria bastioitik ekarri zuten hona, 1720an; Ziudadela Gaztelugibelarekin lotzen du, lubanarroen gaineko zubi garai batean altxagarri baten bitartez. Atearen ondoan, barne aldean, Kapera dago; bertan egun ezkontzak egin daitezke.

Barne parkea

Gerrarako zen gune sofistikatu honen barne aldea parke publiko ederra da, gaur egun: bidexkak eta belazeak, arbol espezie asko eta eskultura garaikide hoberenaren atari zabaleko museoa, non Jorge Oteiza, Néstor Basterretxea, Vicente Larrea, Alberto Eslava, Ricardo Ugarte, Imanol Aguirre eta Pablo Juarrosen lanak ikus baitaitezke.

Bolborategia

1694an eraikia, hauxe dugu barruti honetako eraikinik antzinakoena. Egun, arte erakusketak egoten dira bertan ikusgai.

Armen aretoa

1725ean eraiki zen, Verboom ospetsuak Ziudadelarako eta harresietarako egin zuen erreforma-proiektuarekin bat. Lau solairukoa da, eta artilleriako biltegia izan zen. Gaur egun, arte eta kultur erakusketak eskaintzen dira bertan.

Labea

Ogia egiteko zen gotorleku honetako antzinako labea, egun, abangoardiazko erakusketa eta instalazioetarako gunea dugu.

Mistoen eraikina

Eraikin honetako bi areto erraldoiek beste erakusketa-gune bat osatzen dute. Hainbat alditan zaharberritua izan da, 1720an lehen aldiz, eta, gero ere, beste zenbaitetan.

Harresiak

San Bartolomeko ilargierdia

Harresien hasierako perimetroaren hiru laurdenak paseoan ibil daitezke, eta Ziudadelara iritsi. Ibilbidea hemen bertan has daiteke, XX. mendearen hasieran diseinatutako Media Luna parke erromantikoan, hain zuzen. Gero harresien oinpean segi daiteke, Telleria parketik barrena, edo goiko aldetik, Redingo bastioiraino.

Barbazan ingurabidea

Ingurabide hau paralelo doa harresi multzoaren horma-oihalik antzinakoenarekin (XVI. m.), Labriteko bastioitik Redingoarenera. Iruñeko alderik ederrenetakoa dugu honako hau, Artzapezpiku-jauregiaren eta Katedraleko multzoaren atzeko aldean.

Redingo bastioia

Harresietako punturik altuenean dago; bertatik bista ikusgarriekin goza daiteke, lubanarroen eta harresiez haratagoko hiriaren ikusmiran. Hemen Zaldi Zuriaren ostatua dago, antzinean jauregia eta gero erromesen ostatua izan zena. Katedralera daraman kalea Iruñeko txokorik zoragarrienetakoa da.

Frantziako portalea

Redingo bastioitik Iruñeko portalerik antzinakoena ikus daiteke (1553); horri Zumalakarregiren portalea ere deitzen diote. Armarri bat ageri da portalean, bi buruko arranoa eta enperadorearen armak irudikatzen dituena. Erromesek lehen ere egin ohi zuten moduan, behin Arga zeharkaturik, Erdi Aroko Navarreria auzora iristen dira, portale honetan barna.

Takonerako bastioia

Redingo pasealekuari jarraituta Nafarroako museora helduko gara, eta bertatik, Ingurabideko paseoan barrena, O-ko Andre Mariaren plazaraino. Portale Berria, Gipuzkoako etorbideari gaina harturik, dugu Takonerako bastioiaren atari. Bertan Iruñeko parkerik antzinakoena dago (1830), frantses estiloko lorategi erromantikoa. Lubanarroetan zoo eder bat dago, eta hor erdi askerik, oreinak, ahuntzak, ahateak, zisneak, untxiak eta paumak.

Harresien indargarriak (XVII-XVIII)

XVII. mendeaz geroztik harresiak indartzeko lan asko eginak dira, defentsa sistema garai berrietara egokitze aldera: kontragoardiak, ilargierdiak, errebellinak... Garai hartan eraiki ziren hala Ziudadela eta Pilareko beheko bastioia zein Guadalupekoa nola San Bartolome, San Roke eta Printzearen gotorlekuak.

© Iruñeko Udala. Udaletxe Plaza z/g 31001 Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es

Partekatu

Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI