1. Hasi
  2. Hiria
  3. Zer egin eta zer bisitatu
  4. Pasealdiak hirian barna
  5. Parkeak eta lorategiak

Parkeak eta lorategiak

Yamaguchi parkea

Ziudadela parkea

Iruñeko Ziudadela defentsa-multzo garrantzitsuenetako bat da, Europako Errenazimenduko arkitektura militarrean. Felipe II.ak agindu zuen eraikitzea, 1571. urtean, frantziarrek behin eta berriz egiten zituzten erasoak geldiarazteko. Gaur bertako hormek parke lasai bat zedarritzen dute, non arbola txikiekin eta belardiarekin batera abangoardiazko eskultore batzuen lanak ikus baitaitezke: Jorge Oteiza, Néstor Basterretxea, Vicente Larrea, Alberto Eslava, Ricardo Ugarte, Imanol Aguirre, Pablo Juarros... Eraikin militarretan, artelan garaikideen erakusketak egiten dituzte.

Gaztelugibeleko parkea

Iruñeko parkerik handiena dugu. Ingeles estilokoa da: berdegune zabalak, arbolak eta oinezkoendako bidexkak, hau da, ezin giro aproposago, oinez ibili edo kirola egiteko. Parke hau Ziudadelako glazisen gainean dago eraikita, hots, eraikina inguratzen zuten lurren gainean; horiek badute malda txiki bat, lubanarroen aldera, non eraikuntzarik egitea debeku baitzen. Parke honetan egungo eskultore hoberenen lanen erakustaldia ere dago ikusgai: Alberto Eslava, Faustino Aizkorbe eta Alfredo Sada.

Takonera parkea

Erromantizismo frantziarraren erako parke hau harresiaren bastioi baten gainean dago eraikita. Iruñeko antzinakoena da (1830), eta zoo bat dauka lubanarroetan, non oreinak, ahuntzak, ahateak, zisneak, untxiak eta paumak bizi baitira, erdi askerik. Era askotako arbola exotikoak ditu, hainbat espezie oso antzinakoak barne. Bertan, Japoniarreko Sofora ale ikusgarri baten ondoan, Vienar erako kafetegia dugu, non kafe eta te mota asko baitira aukeran. Paseoan hainbat eskultura topatzen ahal ditugu: Mari Blanca ezaguna (XVIII. mendea), Julián Gayarre tenorraren monumentua, San Nikolaseko portalea (1666) eta Teobaldo II.aren arkuteria gotikoa.

Antoniutti parkea

San Nikolaseko portalea zeharkatu eta bertan dugu parke hau, arbolez josita, eta patinaje pista bat zein skateko zirkuitua dituena. Hortaz, ez da harritzekoa gazte mordoa ikustea, kirol horietan jarduten. Hemen ere egungo eskulturaz gozatu daiteke, José Ramón Andaren Polifemo lana ikusgai dago-eta. Parke honek Larrainakoarekin egiten du bat, harresietan jadanik. Bertatik, Argaren gainetik, aparteko bistak ditugu ikusgai.

Media Luna - Telleria parkea

Jite erromantikoko diseinua dauka, ilbeherako itxurakoa eta ondokoez hornituta: iturriak, urmaela, arrainekin, patinaje-pista eta kafetegi apain bat. 43 arbola-espezie ditu, hainbat sekuoia barne. Pasealekuan barna hainbat monumentu oroitgarri topatzen ahal ditugu, hala nola Pablo Sarasate nafar biolin-jolearen omenezkoa edo Iruñeko errege Antso Nagusiarena. Jarraian, harresien oinetan, Telleria parkea dugu, Erdi Aroko Magdalena zubiraino iristen dena.

Yamaguchi parkea

Iruña eta Yamaguchi hiri senidetuen artean dauden harreman onek parke ekialdetar hau ahalbidetu digute; diseinuan paisaia-egile japoniarrek hartu dute parte. Azalera handiko berdegunea dugu, kultura japoniarraren apaindurez jantzita dagoena: Geyser handia, palafitoa eta urmaela, non zubi bat, ur-jauzia eta Japoniako hainbat zuhaitz zein zuhaizka espezie dauden. Omenaldia egiten die lau urtaroei. Parke barruan Iruñeko Planetarioa dago, programazio ezberdinekin eta hainbat erakusketa-gunerekin.

Nafarroako Unibertsitateko campusa

Nafarroako Unibertsitateko campusa Iruñeko berdegunerik garrantzitsuenetako bihurtu da. 40.000 m2 dauka luze-zabal, eta 43.000 zuhaitz eta zuhaizkak, besteak beste, ondoko espezietakoak: sekuoia, artzia, otsalizarra, ezkia, makal italiarra, Judeako arbola, izeia, thuya, zedroa, sahatsa, Panpako belarra eta gingko biloba.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusa

Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusean bost kontinenteetatik ekarritako ehun espezietik gora daude: espezie afrikarrak (palmondoa, Libiako izeia, Atlaseko zedroa... ), amerikarrak (sekuoia, akazia, magnolia... ), ozeaniarrak (eukaliptoak), asiarrak (pagodetako arbola, hurrondo turkiarra) eta europarrak. Badira, halaber, Nafarroako espezieak.

Iruñean barna pasaian. Parkeak eta lorategiak

© Iruñeko Udala. Udaletxe Plaza z/g 31001 Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es

Partekatu

Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI