1. Hasi
  2. Hiria
  3. Zer egin eta zer bisitatu
  4. Pasealdiak hirian barna
  5. Donejakue bidea

Donejakue bidea

Donejakue bideko erromesak iruñean

Magdalena zubia

Zubi gotiko hau dugu erromesen sarbide nagusia. XII. mendean eraikia; badauzka hiru ogiba-arku, handiak eta zorrotz samarrak, zubi-branka triangeluarrak eta erdi puntuko deskarga-arkuak, euskarrietan. Mutur batean gurutzarri bat dago, Done Jakueren irudiarekin. Arga zeharkatuta, Iruñeko harresien pean geldituko da erromesa.

Frantziako portalea

Behin Frantziako edo Zumalakarregiren portalea (1553) zeharkatuta, Navarreria antzinako hirira iristen dira erromesak, Carmen kalean barrena. Kale hori Pelegrinen Karrika deitzen zuten, XIV y XV. mendeetan. Frantziako portalea Iruñekoetan antzinakoena da. Armarri bat ageri da portalean, bi buruko arranoa eta enperadorearen armak irudikatzen dituena.

Zaldi Zuriaren ostatua

Redingo bastioiaren goienean Iruñeko txokorik zoragarrienetakoa dago. Hemen, antzina, jauregi bat zegoen, eta horren lekuko dugu Solastokiko Gurutzea (1500); gero erromesen ostatua izan zen. Egun, ostalaritzako establezimendua dugu. Bertatik bista ederrez goza daiteke, Arga eta lubanarroak ikusmiran.

Andre Maria Katedrala

Ventura Rodríguezek egindako fatxada neoklasikoaren gibelean, XIV eta XV. mendeetako tenplu gotiko honek hainbat arte-altxor ditu gorderik, hala nola Nafarroako Karlos III.aren eta Gaztelako Leonorren mausoleoa, edo finezia handiko klaustroa, zeina europar gotikoaren hoberenetarikoa baita. Iruñeko katedralaren absidea poligonala da, eta deanbulatorioa dauka, erromes elizetan ohiko den maneran.

Udaletxea

Done Jakue bideak Udaletxe plaza zeharkatzen du; hori da, hain zuzen, San Fermin festetako topalekurik garrantzitsuenetakoa. Udaletxeko fatxada barrokoaren erdiko balkoian egiten du eztanda, urteko uztailaren seian, Txupinazoak, sanferminei hasiera ematen dien suziriak. Iruñeko hiru burguak batzearekin batera (1423), hemen eraiki zen lehen udaletxea.

Domingo Santuaren eliza / Done Jakue monasterioa

Behinola, ermandade batek arta eta babesa ematen zizkien hemen Bideko erromesei. Eliza hau gardena da, apaindura gutxikoa eta zabala, prediku-arkitektura duten elizen gisakoa. Barrualdean Errenazimentuko erretaula ederra ikus daiteke, Done Jakueri eskainia. Santua horma-hobi nagusian ere dago kokaturik, erromes jantzia, pordoi, kapela, eta beirez apainduriko bizkarrekoa soinean daramatzala. Fatxadan beiradun apaindura errepikatzen da, hala horma-hobietan nola atean, finean, beira Bidearen ikurra baita.

Nafarroako Museoa

Santo Domingo aldapari buru emanik museoa dugu, non Nafarroako arkeologiaren eta artelanen bildumarik garrantzitsuena baitago, eta artelan guztietan gailur, Leireko kutxeta (XI. mendearen hasierakoa) eta Goyaren San Adriango markesaren erretratua. Behinola, Ospitale Nagusia zen; eraikin hartako lekuko gisa diraute oraindik XVI. mendeko fatxada eta kapera platereskoek.

San Zernin eliza

Gotor-eliza hau defentsagunearen partea zen antzina. XII. mendean eraiki zuten, eta oraindik antzeman dakizkioke defentsa-eginkizunen zantzuak: murru sendoak, burdin hesia eta zaintza-dorre bat. Eraberritua izan zen, XIX. mendean. Barruan, finezia handiko gotikoa gordetzen du. Koruan Iruñeko organo barroko garrantzitsuenaz goza daiteke.

San Lorentzo eliza

XIII. mendean innauguratu zuten; Erdi Aroko jatorrizko tenplutik bakarrik dorre batek dirau zutik. Bertan dago San Ferminen kapera ospetsua, non Iruñeko patroia eta lehen gotzaina izan zen Santuaren erliki-bustoa ikus baitaiteke. Eliza honen ondoan Errekoleten plaza edo Baratxurien plaza dago, eta bertan, Luis Pareten iturri neoklasikoa eta Karmeldarren Komentua, 1634koa.

© Iruñeko Udala. Udaletxe Plaza z/g 31001 Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es

Partekatu

Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI