Antoniutti parkea
Altu sei metro inguru den piezak artistaren eraikitze-printzipioak ditu agerian: mugaren bilaketa, simetriak, material soilduaren ederra eta hutsunearen adierazkortasuna; hori dena, Polifemo ziklopearen begitzarraren soaz. José Ramón Andaren obrek agerian uzten dituzte hala artistaren trebetasuna nola haren errespetua, materialekiko (egurra, burdina, granitoa, altzairua eta brontzea). Material horietaz baliaturik artelan sintetikoak sortzen ditu, haren pentsaera konplexuak adierazte aldera.
Gaztelugibel
Pieza honetan agerian gelditzen da Sadak Brancusiri dion mirespena, bai eta natura bere horretan emateari edo eskultura primitiboan ohikoa den sintesirako joerari ere. Pieza jalgi bide da lurretik, arranditsu jalgi ere, edo lurrean itzalita egon bide da, mehatxari eta arriskutsu bezain, sentsuala ere aldi berean. Obra erabatekoa eta soila da, forma aldetik.
Takonera parkea
Ongintzaren edo oparotasunaren alegoria eder honek buru eman zion, mende bat baino gehiagotan zehar, Gazteluko plazako iturri bati, iturriaren ordez egurrezko kioskoa jarri zuten arte, 1910. urtean. Bertatik San Frantzisko plazara igaro zen, eta gero Takonerako lorategietara, 1929an. Haren diseinua Luis Paret pintore eta akademiko madrildarrak egina da.
Sarasate pasealekua
1895ean Sarasate pasealekua edertzeko hainbat ekimen gauzatu ziren; horietako bat Madrileko Errege jauregitik ekarritako sei errege espainiarren eskulturak bertan kokatzea izan zen. Estatua horiek Sachetti arkitektoak Felipe V.aren erregealdian Orienteko jauregirako diseinatua zuen eszenografia arkitektonikoaren parte bat ziren.
Sarasate pasealekua
Herritarrek ordainduta, monumentu hau Erresuma Zaharraren foruen omenez eta defentsan eraiki zuten. Diseinua Manuel Martínez de Ubago arkitekto modernista iruindarrarena da. Bost zutabe sendok Nafarroako bost merindadeak irudikatzen dituzte. Badira bost xafla, brontzezko, nafar askatasunen aipuarekin, eta Ramón Carmonaren bost eskultura: Historia, Justizia, Autonomia, Bakea eta Lanaren alegoriak. Monumentuari buru ematen dion brontzezko emakumezko irudia Nafarroaren alegoria da. Haren eskuetan, hautsitako katea, berreskuratutako askatasunaren ikur gisara, eta pergamino bat, Foru Legea.
Carlos III. a, Gazteluko plazaren ondoan
Nafarroako erregearen brontzezko eskultura, Batasunaren Pribilegioa eskuetan daukala. Pribilegio horren bitartez, hiru burguek bat egin zuten, harresi multzo bakar baten barruan, 1423. urtean. Eskulturako hainbat xehetasun, jantziko zitori horia edo koroa kasu, Andre Maria katedralean dagoen erregearen hilobitik hartu ditu artista madrildarrak.
Zezen-plaza ondoan
Busto honekin omenaldia egiten dio Udalak haren liburuetan Iruñearen izena munduan barna barreiatu zuen idazle iparamerikarrari. Sanferminetako ohiko bisitaria zen Hemingway; monumentuak zezenketa bat ikusten irudikatzen du nobel sariduna, kailejoiko hesian bermaturik. Eta, nola ez, bustoa Zezen-plazaren aurrean dago paraturik, Entzierroaren ibilbidearen ondo-ondoan.
Orreaga kalea, zezen-plazaren ondoan
Obrak bi korrikalari atzeratu den zezen bat berbideratzen ari diren unea harrapatzen du, Entzierroan askotan errepikatzen den unea, hain zuzen. Brontze patinatuko eskultura-multzoak lasterraren mugimendua eta indarra jasotzen ditu. Artistaren xedea sanferminetako entzierro famatuak eragiten duen zirrara ikusleengan berriz ere sortzea da.
Media Luna parkea
Eskultura hau inauguratu berria da, Iruñearen nagusitasuna inoizko muga urrunenetaraino zabaldu zuen erregearen milurtekoa omentzeko. Bi armarriek Antso III.a Nagusiak (1004-1035) haren pean izan zituen lurralde handi-zabalak irudikatzen dituzte. Alberto Orella iruindarra eskultore zorrotza dugu, metafisika inspirazio-iturri eduki eta, oro har, lan abstraktuak egiten dituena; hemen, ordea, ustekabean, lan figuratiboa egin du.
Paseatu Iruñean barna. Eskulturak, Iruñean barna
© Iruñeko Udala. Udaletxe Plaza z/g 31001 Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es