1. Hasi
  2. Hiria
  3. Ingurumena
  4. Energia Agentzia
  5. Prestakuntza

Prestakuntza

Gizartearen kontzientziazioa eta ekimena erabat funtsezkoak dira edozein politikaren arrakasta bermatzeko, eta are gehiago, ingurumen-gaietan. Hori lortzeko biderik eraginkorrena ezagutza zabaltzea da; hori horrela, Energia Agentziak hainbat prestakuntza-jarduketa gauzatu ditu eta gauzatzen ari da:

Energia aurkitu eta konta ezazu izenburuko eskola-lantegiak, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduak

Energia zentzuz erabiltzeko energia aurkitu eta konta ezazu Udalaren hezkuntza-programa 2001. urteaz geroztik ari da egiten.

Iruñeko Udalak Energia Agentziaren bitartez sustatua, Iruñeko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailetako 5.000 ikasle baino gehiagok hartu du parte programan.

Programa bi orduko lantegietan dago antolatuta, gaztelaniaz zein euskaraz, eta ikastetxeetan bertan egiten da. Lantegiak praktikoak dira, eta parte-hartzera bultzatzen dute, betiere ikasleen, ikastetxearen eta familien inplikazioa lortu nahian. Espezialista talde batek emanen du programa, energiak gizakion beharrak asetzeko dituen bide ezberdinak aztertuz; hainbat egoeraren simulakroak eginen dira, energiak eguneroko bizitzan duen garrantziaz ohartarazteko. Orobat, ikasleen azturak aztertuko dira, bai eta energia-xahutzea eta energia aurrezteko manerak ere, eta energia berriztagarrien berri emanen zaie ikasleei, eta zehazki eguzki-energia fotovoltaikoaren funtzionamenduari erreparatuko zaio, sakelako telefono eta jostailuetan aplikaturik.

Energia aurkitu eta konta ezazu izenburuko eskola-lantegiak, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduak

Energia aurkitu eta konta ezazu Udalaren programak Lehen Hezkuntzan izan zuen arrakastari erreparatuta, komenigarri ikusi zuten programa Bigarren Hezkuntzan zabaltzea, edukietan sakonduz, proposamenak garatuz eta saioen iraupena ikasturte oso baterako handituz. Programa Bigarren Hezkuntzan hedatzeko ekimena jarduera-pilotu baten bitartez gauzatu zen, 2005-2006ko ikasturtean, Iruñeko bi ikastetxetan. 2006/2007ko ikasturtetik aitzina, eskaintza Iruñeko ikastetxe guztiei zabaldu zaie.

Programak, zehatz-mehatz, ondoko helburuak bete nahi ditu, besteak beste:

  • Klima-aldaketaren fenomenoa, eragiten duten zioak (batik bat energiarekin zer ikusirik dutenak) eta haren ondorioak ulertzea.
  • Energiak eguneroko bizitzan duen eraginaren gaineko kontzientziazioa lortzea, ikasleek ingurumen-arazoak energia sortu eta kontsumitzearekin lot ditzaten.
  • Eguneroko jardunean energia kontsumitzen duten elementuak identifikatzea, betiere kontuan hartuta zer harreman dagoen energia kontsumoen eta berotegi efektuko gasen isurketen artean.
  • Kontzientziazioa lortzea, esparru guztietan, energia-kultura berria hartzeak duen garrantziaren gainean, non energia-aurrezkia eta -eraginkortasuna ezinbestekoak izanen baitira, jasangarritasuna lortzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko, betiere kultura berri horren inguruan irudi positiboa sortuz eta energia-xahutzearen gaineko irudi negatiboa sustatuz.
  • Ikasleak engaiatzea, energia aurrezteko eta hori eraginkortasunez erabiltzeko jarrerak bere bizitzetan bilatu eta aplikatzeko, bereziki azpimarratuz, lan-taldearen bitartez, ikastetxean energia aurrezteak daukan garrantzia. Modu horretan, hezkuntza-komunitatearen konpromisoa eta parte-hartzea bilatuko dira; proposamenak eginen dira, ikastetxean energia zentzu handiagoz baliatzeko ikastetxean, eta loturak eginen dira, ingurumena hobetzeko prozesu horren eta familia-bizitzaren zein gizartearen testuinguruaren artean.
  • Energia gutxiago kontsumitu eta eragimen handiago duten energien inguruko teknologiak ezagutu, hobetsi eta zabaltzea.
  • Programaren oinarria lantegiak ikastetxean bertan eta ikasturtean zehar egitea da. Saio bakoitzean, eta programan oro har, ondoko eskemari jarraitzen zaio: informazioa eman, gogoeta egin, aplikatu eta nork bere burua ebaluatzea, betiere hala ikasleen nola hezkuntza-komunitatearen eta familien engaiamendua bilatu nahian.

Lantegia, ikastalde bakoitzarekin, 55 minutuko zuzeneko 6 saiok eta talde-lanek osatuko dute, betiere eskolako ordutegian egindakoak.

Saioei ikasleek egindako proposamenez osaturiko dokumentu batek emanen die buru, non helburua ikastetxeko energia-erabilera hobetzea baita; aipatu dokumentua beste hainbat tokitara edo elkartetara igorriko dute, baloratu eta, posible balitz, aplikatzeko.

TEKNICA IKASTURTEA

Energia Agentziak, Nafarroako Gobernuarekin batera, goi mailako prestakunta-ziklo bat sustatu zuen, energia berriztagarriei buruz, Equal erkidego-ekimenaren Teknika izeneko proiektuaren baitan, eguzki-energiako instalazioak zuzendu, instalatu eta programatzea xede harturik. Lehen promozioak -emakume langabetuei zuzendua- 2004ko maiatzean txertatu zituen profesional berriak lan merkatura.

Udal-teknikariei zuzendutako ikastaroa

Energia-planean, proposamen bat azpimarratzen da behin eta berriz, Udalak portaera eredugarria izan behar duela arlo honetan, hain zuzen. Horrenbestez, Agentziak energia zentzuz erabiltzeko teknologia berriei buruzko ikastaro bat antolatu zuen, Udaleko langileei zuzendua. Prestakuntza-gaiek energia aurrezteko eta eragimenez erabiltzeko azken teknologietan gaitu behar zituzten Udaleko obra-, zaharberritze- eta mantentze-lanetako funtzionarioak. Ikuspuntua praktikoa zen, ikasitakoa zuzenean aplikatze aldera, Udaleko teknikariek haien ardurapean dituzten jardueretan.

Hona jardunaldien edukia: nola aplikatu teknologia berri eraginkorrak berokuntza eta argiztapen sistemetan, nola aplikatu energia berriztagarriak eraikuntzan, isolamenduaren zein kanpoko beiren nondik-norakoak, eta horien zein eraikuntzako energia-eragimenaren arteko harremana.

© Iruñeko Udala. Udaletxe Plaza z/g 31001 Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es

Partekatu

Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI