1. Hasi
  2. Hiria
  3. Zer egin eta zer bisitatu
  4. Gastronomia

Gastronomia

nafarroako piperrak

Nafarroako sukaldaritzako arte guztia bildua dago Iruñean; horrenbestez, hiriburuko plater bereizgarrien artean, Nafarroa osoko espezialitateak daude. Horrek aukera ematen du karta oso zabala eskaintzeko. Ondoren, Iruñeko gastronomiaren elikagai bereizgarriak deskribatuko ditugu:

Barazkiak

Barazkiek lehentasunezko lekua dute Nafarroako gastronomian. Xamurrak eta freskoak, hainbat modu daude barazkiak prestatzeko eta, mota guztien artean, orburuak nabarmenduko ditugu (hobe, Tuterakoak badira eta, aukeran, txirlekin prestatuak), bai eta babak, kardua eta borraja ere. Alde horretatik, Nafarroako baratzeko produktuekin prestatzen diren espezialitateen artean, barazki-menestra, pistoa, piperrada (piperrak eta tomatea) eta nafar gazpatxoa nabarmentzen dira, bai eta ardanzopa edo zurrukutuna esaten zaiona; hau da, sobratzen diren barazki-saldekin prestatutako zopa. Letxuga-kukuluak, zainzuri xamurrak eta pikillo piperrak ere ezinbestekoak izaten dira Iruñeko menu tipiko orotan.

Egoskariak

Egoskarien artean, oso estimatuak dira babarrun gorriak (banabarrak) eta potxak (babarrun zuriak), txerri-isatsarekin edo galeperrekin prestatuak. Nafarroa, bestalde, oso oparoa da mikologia kontuetan; horrela, zizek eta onddoek balio handia dute sukaldaritzan, bakarrik nahiz beste gisatu batzuekin batera jateko.

Haragiak

Haragien artean, txuletonak nabarmenduko ditugu, idiarenak nahiz txahalarenak (ahal bada, Nafarroako txahala edo aratxea izan dadila), bildoskia txilindron erara, urdaiazpiko-xerrak tomatearekin, txerri-hankak, barrukiak (bildots hankak eta tripakiak, odolarekin), txerrikume errea eta zikiroa (antxume zikiratua, pago-egurrez errea). Izatez Baztangoak badira ere, Iruñean ere baztanzopak jateko aukera izanen dugu, hau da, artzain-apurren aldaera bat da, ahari koipetan eta barazkiekin prestatuak. Sanferminek, bestalde, parada ezin hobea eskaintzen dute zezen erregosia dastatzeko, bai eta animalia hori osagai nagusi duen gisaturen bat jateko: esaterako, zezen-isats erregosia, zezen-hankak piperrekin, zezenko-txuletak kazuelatan eta zezen-isatsondoak parrillan erreak. Jendeak ohitura handia izaten du festetan zezen-haragia jateko; eskari handia aseko bada, beste feria batzuetan toreatzen diren zezenez hornitu behar izaten dira Iruñeko merkatuak.

Ehizak aipamen berezia merezi du, nahiz eta jakiak, betiere, sasoiaren araberakoak izan. Ehiza larrian, hainbat plater nabarmentzen dira: basurdea, adarzabala, orkatza eta oreina. Ehiza xehean, bestalde, eskaintza oparoa da benetan: untxiak, faisaiak, erbiak, usoak, eperrak, oilagorrak, birigarroak, ahateak, antzarak, usapalak eta galeperrak. Barraskiloak ere ezin alde batera utzi; jendeak perrexilarekin, tomate-saltsan eta baratxuritan jaten ditu.

Txerri hiltzeak aukera ematen du kalitate handiko hestebeteak prestatzeko; esaterako, Iruñeko txorizoa, txistorra, birika (bihotz eta birika puskekin egindako lukainka mota bat da), saltxitxa zuriak eta odolkia. Txerri hiltzeak ere txantxigorri-opilak jateko parada ematen du (gantz-hondar frijituak dira, ogi, azukre eta kanela orez nahastuak). Iruñerrian, hiriburuan barne, asko jaten da tripotxa, hau da, odolki horikara gisako bat, bildots-bilgorrez, arrautzaz eta arrozez egindakoa. Tripotxarekin txuritabeltza izeneko platera sortzen da, tripotxari bildots-odola eta tomate-saltsa gehituta. Jaki finagoa da hemen egiten den foie-grasa, gizendutako ahatearengandik heldu dena.

Arrainak

Arrainetan, Bidasoako izokina zizekin prestatzen da, edo bestela, barazkiekin gisatua. Halaber, goxo-goxoak dira amuarrainak nafar erara (urdaiazpikoarekin frijituak), aingirak potxekin, legatza nafar erara (legatz-solomoak zizez beteak), legatza koxkera erara, txipiroiak bere tintan, bisigu errea, kokotxak, eta txipak eta loinak frijituak edo, bestela, tortilla moduan. Ajoarrieroa (bakailaoa) ere Nafarroako bene-benetako plateretako bat da eta hamaika modutan prestatzen da: esnearekin, otarrainarekin, tipulaztatua, eta piperradarekin.

Gozogintza

Postretan ere, Iruñea Nafarroako gozogintzaren laburbilduma da. Esne-postreak, gaztak eta gozogintza tradizionala zein baino zein estimatuagoak dira, baina postretan ere egutegiak badu zer esana eta, horren arabera, errege-opilak, txantxigorri-opilak eta sanblas-opilak ere prestatzen dira; azaroaren 1ean, buñueloak eta santu-hezurrak jaten dira. Kanutilloak, txandrioak, koronillak, goxua eta kostrada betiko gozogintzaren adibide nabariak dira, eta denak Iruñean dastatzeko aukera izanen dugu. Egiazko gaztanbera (mamia) dastatzeko -hau da, harri bero-beroekin kaikuetan prestatzen den huraxe-, Iruñetik atera beharko dugu, bai eta zopakana jateko ere (zopa gozoa da, esnez, azukrez, kanelaz eta kapoi edo oilo gantzaz prestatutakoa). Nafarroako esne-postre gehiago ere badaude: esaterako, torradak eta esne frijitua, eta hiriburuko edozein jatetxetan aurkituko ditugu. Eta gazta kontuetan ere badago aukera zabal-zabala; bereziki, ardi-esnez egindakoen artean. Azken horietan bi jatorrizko deitura daude: Erronkari eta Idiazabal.

© Iruñeko Udala. Udaletxe Plaza z/g 31001 Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es

Partekatu

Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI