1. Hasi
  2. Hiria
  3. Galdera ohikoenak
  4. Ingurumena eta Osasuna

Ingurumena eta Osasuna

Guardiako farmaziak

Nola eskuratzen ahal dut argibiderik, guardiako farmaziei buruz?

948 222111 telefonora deituta, Iruñeko eta Iruñerriko guardiko farmazien berri emanen dizute, eguneko 24 orduetan zehar.

Osasuna

Nola eta noiz jakin dezaket nire seme edo alabak behar dituen txertoen berri?

Jaioberrien gurasoei osasun-sareak auzo guztietan dituen oinarrizko laguntzako osasun-etxeetan ematen diete txertoen egutegiari buruzko informazioa.

Elikagai-kontrola

Osasun-kontrolen bat pasatzen al dute erosten ditugun jakiek eta janari-dendek?

Osasun-ikuskaritza zerbitzuen bidez, establezimenduen eta jakien zaintzari zein osasun-kontrolari heltzen diegu. Kontrol horrek arrainak, frutak eta barazkiak saltzen dituzten merkatu zentralak, elikagaien industriak, jantoki kolektiboak, txikikazko establezimenduak, udal-merkatuak, salmenta ibiltaria eta elikagaien garraioa hartzen ditu barne. Kontsultaren bat egin nahi baduzu, edo erosi edo kontsumitu dituzun jakietan gorabeheraren bat atzeman baduzu -edo irregulartasunaren bat, jaki-dendetako higiene- eta osasun-baldintzetan-, gurekin jarri harremanetan, eta guk erabakiko dugu zer egin behar den.

Udal Laborategian elikagaien kontrolerako zerbitzuek eskatzen dizkiguten analisiak egiten ditugu. Bestalde, enpresek eta partikularrek eskatuta ere aztertzen ditugu elikagaiak. Kasu horretan, zerbitzua ordaindu egin behar da.

Katuak eta txakurrak

Txakur bat daukat. Zer egin behar dut?

4 hilabete dituenez geroztik, identifikaturik izan behar duzu.

Identifikazioa edozein albaitarik egin dezake, mikrotxip bat ezarrita. Gero, Nafarroako Gobernura bidaliko ditu animaliaren datuak. Zakurrek bi urtean behin hartu behar dute amorruaren aurkako txertoa.

Zure txakurra arriskugarria izan daitekeen animalia horietakotzat joa bada, haren arraza medio edo dituen ezaugarriengatik, lizentzia eskatu behar duzu, hura edukitzeko, eta horretarako eskabidea bete behar duzu, eta kasuan kasuko agiriak erantsi.

Ba al da zakurrendako eremurik, hirian?

Egun, txakurrendako eremuak (ZE) daude Iruñean, eta horiek identifikatzeko kartel bat dago, non gogorarazten baitizute animalia askea zelatatzeko eta haren gorozkiak jasotzeko garrantzia (txakurrendako eremutik at, txakurra lotuta eraman behar da, eta arriskutsua bada, muturrekoa jantzita, hala eremuan nola eremutik kanpo). Eremu bakoitzean edukiontzi bat dago, logotipoaz identifikaturik, bertan gorozkiak botatzeko.

Zakurrendako Eremuak (ZE) honako lekuetan daude: ALDE ZAHARRA: Barbazan apezpikuaren ingurabidea eta Erreginaren aldapa. ZABALGUNEAK: Navas de Tolosa kalea (Eraikin Singularraren ondoko lubanarroetan); Gaztelugibel (Ziudadelako lubanarroetan) eta Joan Paulo II.aren etorbidea (Monjardin kalearekin bat egiten duen lekuan). MAGDALENA: Padernborn aterpetxearen eta Magdalena zubiaren artean. TXANTREA: Ezkaba eta Odol emaileen kaleak. ARROTXAPEA: Runa parkea eta Tiburcio de Redín kalea. BUZTINTXURI: Trenbideko kalea. ETXABAKOITZ: Urdanoz multzoa eta Remiro de Goñi kalea. DONIBANE: Arcadio Mª Larraona kalea (Donibane Kirol Elkartearen eta txaleten atzealdearen artean). ITURRAMA: Fuente del Hierro kaleak eta Nafarroako etorbideak bat egiten duten lekua. AZPILAGAÑA: Azpilagañako ingurabidea. MENDILLORRI: Amokain jaurerriaren eta Antzirako kaleak. MILAGROSA: Ilargi Enea

Katua edo txakurra galduz gero, nora jo dezaket?

Animaliak Hartzeko Zentrora -antzinako zakurtegira- (Unibertsitateko errepidea, zk.g.); izan ere, bertan bildu eta artatzen dituzte galdutako animaliak.

Txakurra (edo katua) hil zait. Zer egin behar dut?

Iruñerriko Mankomunitatera jo, bertan animalia hilak biltzeko zerbitzua baitute. Edo, bestela, albaitari-klinika batera eraman txakurra edo katua, behar diren izapideak egiteko. Bi kasuetan, zerbitzua ordaindu behar da.

Baja eskatu konpainiako animalien erroldan, eta horretarako, animaliaren heriotza-ziurtagiria aurkeztu, albaitariak sinatuta.

Txakur bat (edo katu bat) dago kalean, abandonaturik (edota zaurituta).

Deitu Udaltzaingora, 092 telefonora, edo jarri harremanetan Animaliak Hartzeko Zentroarekin (antzinako zakurtegia). Horko langileek hartuko dute animalia.

Adoptatzen ahal dut abandonaturiko txakur edo katu bat?

Animaliak Hartzeko Zentrora, antzinako zakurtegira, jo, eta han hartuko dute aintzat zure eskaera, bertan bildurik baitaude abandonaturik gelditu diren zakur eta katuak. Hau da Zentroko ordutegia: astelehenetik larunbatera, 12:30etik 13:30era.

Bestelako animaliak

Uso anitz dago, hiriko halako tokian (toki jakin batean).

Hiriko toki jakin batean uso asko dagoela sumatuz gero, edota uso horiek arazoak sortzen badizkiete herritarrei, edo ondare arkitektonikoa kaltetzen badute, jo ezazu Elikagaien Ikuskaritza eta Zoonosi Zerbitzura, bertan aztertzeko zer egin behar dugun. Jabego pribatuetan ez dugu zerbitzu hori egiten, baina argibideak emanen dizkizugu, hartzen ahal dituzun prebentzio-neurriei buruz.

Arratoiak ikusi ditut kalean, edota insektuak.

Aldian-aldian, arratoiak hiltzeko kanpainak egiten ditugu, ibaien ertzeetan eta estolderian, baina kalean arratoiak edo insektuak daudela sumatzen baduzu, mesedez, gurekin harremanetan jarri, eta premiazko jarduera bat abiaraziko dugu. Arratoiak hiltzeko zerbitzua doan eskaintzen dugu, baita jabego pribatuetan ere. Insektuak hiltzeko jarduketak, ordea, egin egiten ditugu jabego pribatuetan ere, baina tasa baten ordainpean.

Auzokideekiko harremanak

Auzokideek zarata gogaikarriak ateratzen dituzte. Non eman dezaket abisua?

Abisua eman, kexa aurkeztu edo salaketa egiteko, dela pertsonek edo animaliek eragindako zaraten edo bestelako enbarazuen gainean dela arriskuren bat atzemana delako, 092 telefonora deitu behar duzu, eguneko 24 orduetako edozein unetan. Salaketa ahoz aurkezten ahal duzu Udaltzaingoko bulegoetan, edo idatziz, eskabide orokorra beteta, Udaleko Erregistro Orokorrean edo erregistro osagarrietan.

Ingurumena

Esan didatenez, Udalak hainbat hezkuntza-jarduera antolatuak ditu, ingurumenari buruz.

Ingurumen Heziketarako Museoak (Errotazar k., zk.g.) prestakuntza-ikastaroak antolatzen ditu, batez ere, gazteei eta ikasleei zuzenduta. Bertan, bestalde, dokumentazio- eta aholku-zerbitzua dago, ingurumen-heziketari buruz, eta ibilbide gidatuak ere eskaintzen dtuzte, Museoa ikusteko.

Nola aurrezten ahal ditut ura eta energia? Argibideak behar ditut, energia berriztagarrien gainean.

Energia Agentzian (Kale Nagusia, 20), aholku praktikoak emanen dizkizugu, hainbat aferen inguruan: etxean energia eta ura aurrezteko erak, energia berriztagarrien erabilera, hondakin gutxiago sortzeko manerak, bioaniztasuna eta abar.

Argibideak eskuratu nahi ditut, zaborra behar bezala birziklatzeko.

Iruñerriko Mankomunitatea arduratzen da hiri-hondakinen bilketaz Iruñean, eta foiletoak igortzen ditu etxeetara, etxeko-hondakinak nola bereiztu behar diren azalduta. Gai honi buruzko argibiderik nahi baduzu, Mankomunitatera deizazu (ordutegia: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara), edo haren bulegoetara jo (Chinchilla jeneralaren kalea, 7). Bertan, hondakinen birziklapenari buruzko foiletoak eskuratu ahalko dituzu.

Udaleko Energia Agentziak ere hainbat argitalpen ditu, ingurumenari buruz (heziketa-gidak, fitxak eta abar). Horietan hainbat aholku eta irtenbide praktikoak daude bildurik, hondakinak ahal den gehien aprobetxatze aldera.

Agenda 21 eta bidaiak

Nola laguntzen ahal dugu ingurumena hirian sustatzen?

Iruñeak Agenda 21-i lotzeko konpromisoa sinatua du, hiriko garapen iraunkorra areagotze aldera. Agenda 21ek jarduteko proposamen batzuk dakartza berekin, horiek gauzatzeko gida delarik, aldi berean.

Gurekin harremanetan jarri eta argibideak emanen dizkizugu, Agenda 21en proposamenen garapenean parte har dezazun: herritarren arteko eztabaidetan, proposamenen balorazioan, inkestetan, foroetan... Bestalde, Eskolako Agenda 21 programa ikastetxeak proiektuan engaiatzeko dago pentsatua, lehenik eta behin ingurune hurbilenean esku hartzeko asmoz.

Non jasotzen ahal dut argibiderik, herrialde jakin batzuetara bidaiatzeko hartu beharreko txertoei buruz?

Osasun eta Kontsumo Arloan (Iturralde y Suit kalea, 13 -1. sol.), astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara.

© Iruñeko Udala. Udaletxe Plaza z/g 31001 Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es

Partekatu

Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI