1. Hasi
  2. Hiria
  3. Galdera ohikoenak
  4. Segurtasuna, Justizia eta Herritarren Babesa

Segurtasuna, Justizia eta Herritarren Babesa

Udaltzaingoa

Agiri bat behar dut, Udaltzaingoak istripu baten gainean esku hartu duela egiaztatzeko.

Istripu batean nahasita egonez gero, Udaltzaingoaren esku-hartzearen gaineko txostenaren kopia eskatzen ahal duzu, Udaltzaingoaren egoitzan (Iratxeko monasterioaren k., 2). Eskabide orokor bat edo edozein idazki aurkeztu behar duzu, non ibilgailuaren matrikula eta istripuaren data adieraziko baitituzu. Halaber, faxez (948 420666) egindako eskaerei ere erantzuten diegu. Txostenaren kopia ordaindu beharrekoa da, eta horri dagokion ordainketa izapide hori egin duen unitatean egin behar da.

Istripu bat izan da (trafikokoa edo bestelakoa), kalean, etxebizitza edo establezimenduren batean.

Udaltzaingoaren Atestatuetarako brigadaren ardura da Iruñeko kaleetan, etxebizitzetan eta establezimenduetan gertatzen diren istripuetan arta egitea. 092 telefonora eguneko 24 orduetan dei daiteke.

Alarma bat jotzen ari da

Gurekin harremanetan jarri, 092 telefonora deituta, eta erantzunen dizugu eguneko 24 orduetan. Alarmak hotsik ateratzen ez badu ere, jarri gurekin harremanetan, sutea izateko arriskuari aurre egiteko.

Suhiltzaileak

Txosten bat behar dut, suhiltzaileen esku-hartze baten gainean.

Txosten hori Nafarroako Larrialdietako Agentzian (Aralar k., 3-4.a) eskatzen ahal duzu, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 14:30era. Horretarako, eskabide bat aurkeztu behar duzu, eta bertan adierazi zein egunetan eta tokitan esku hartu zuten. Txostena ordaindu beharrekoa da.

Suhiltzaileak aritzen al dira prestakuntza edo aholkularitzako ezein lanetan?

Bai, horietako batzuk egiten dituzte, hala nola langile eta ikasle multzoei zuzendutakoa, sute batean nola jokatu eta nola babestu jakin dezaten, bai eta suteen kontrako elementuak nahiz ekipoak eta arnasa hartzeko gailuak ere nola erabili behar diren ezagutzera emate aldera. Orobat, aholkuak ematen dituzte eskola, enpresa, osasun-etxe, gune ofizial eta abarretako larrialdi-plana erredaktatzeko.

Elurteak eta izotza

Elurra aritu du, eta izotz-plakak egin dira.

Jarri gurekin harremanetan, 092 telefonora deituta. Eguneko 24 orduetan erantzunen dizugu; beharra non eta horra bidaliko ditugu kamioiak, gatzarekin.

Agiriak eta objektuak galtzea

Objektu edo agiri bat galdu dut kalean.

Iruñeko Udaleko Objektu galduen bulegoa Hiritarren Babeseko Alorrean dago (Iratxeko Monasterioaren k., 2).

Galdutako objektua bulegoan jasota dagoen jakiteko, 948 420 612 telefonora deitu eta objektua deskriba ezazu. Galdutakoak agiri pertsonalak badira, ahal izanez gero, telefonoz abisatuko diegu titularrei. Atzerritarren kasuan, posta ziurtatuaren bitartez igorriko ditugu, jaso izanaren adierazpenarekin. Galdutako objektua jasotzeko, interesatuak berea dela egiaztatu beharko du.

Bulego honek 8:30etik 14:30era bitarte jarduten du, astelehenetik ostiralera. Sanferminetan, bulegoa eguneko 24 orduetan egoten da irekita.

Kreditu-txartelak, dirua, sakelakoa... lapurtu dizkidate, zer egin behar dut?

Udaltzaingoaren salaketa-bulegora joan (Iratxeko monasterioaren k., 2). Eguneko 24 orduetan irekita dago. Udaltzaingoa arduratuko da gertatu dena ikertzeaz, eta, salaketaren kopiaz baliatuta, finantza-entitateetan galdetzen ahalko duzu ea zure txartelak erabili dituzten.

Armak edukitzeko baimena

Beharrezkoa al da baimena, aire edo gas konprimituko arma bat edukitzeko?

Karabina edo aire konprimituko pistoletarako arma-txartela eskatu behar da (eskaerak urte osoan zehar egin daitezke).

Eskabidearen inprimakia Guardia Civilaren egoitzan (Galizia etorbidea, 2) jaso behar da, eta, behin hori beterik, izapidaketaz Hiritarren Babeseko Alorreko zein unitate arduratu eta horretan aurkeztu behar da, Iratxeko monasterioaren kaleko 2an, 8:30etik 14:00etara. Halaber, dagokion tarifa ordaindu behar da. Behin eskabidea aurkeztuz geroztik astebeteko epea iraganda, eskatzaileak izapidea bideratu duen unitatera jo dezake, txartela jasotzera.

© Iruñeko Udala. Udaletxe Plaza z/g 31001 Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es

Partekatu

Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI