1. Hasi
  2. Hiria
  3. Kultura
  4. Kondestablearen jauregia

Argibideak, Kondestablearen jauregiari buruz (XVI. mendea)

Historia

Kondestablearena jauregi-etxea da, bai eta Iruñeko jauregi-arkitekturaren isla ere. 1550 eta 1560 urteen artean eraiki zuten, Luis de Beaumont Leringo IV. Konde eta Nafarroako Kondestablearen aginduz.

Kondea hildakoan, haren alaba Brianda andrea Albako dukearen seme batekin ezkondu zen, 1564an. Horrenbestez, eraikina Alba Etxearen jabegoetara pasatu zen. Hurrengo mendeetan, jauregia Apezpiku-egoitza izan zen, 150 urtez, eta behin-behineko udaletxea, zortzi urtez, 1752az geroztik.

XIX. mendeko gustuek eta Juan Seminario burges aberatsak eraikina erosi izanak aldaketa nabariak ekarri zituzten bere fisonomian, eta jauregia hiri-garapenean txertatu zen. Eraikineko guneak partzelatu egin ziren, eta fatxada ireki, XIX eta XX. mendeetan denden eta biltegien erakusleihoak paratzeko.

Egun, Iruñeko Udalarena da, eta zaharberritutakoan, jendearentzat ireki dute, 2008. urte bukaeran. 1997. urtean Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuten.

Izena

Nafarroako Kondestablearen titulua XV. mendeko lehen herenean sortu zen. Kondestablearen kargua Erresumako antzinako alfereza zen nobleari eman zioten, eta hura zen erregearen estandartea eramateko ardura zuena. Kondestablea, legez, Nafarroako noble nagusia zen, eta estamentuzko gorteetan Zaldunen adarreko buru jarduten zuen.

Arkitektura

Errenazimenduko arkitektura zibilaren eredu paregabe hau lehengoratzeko lanetan, arkitektoak, aparejadoreak, arkeologoak, zaharberritzaileak eta historialariak aritu dira, 2002 eta 2008 urteen artean. Luze-zabal, 5.558 metro koadro eraikita ditu.

Kondestablearen Jauregiko obrak batera finantzatu dituzte hala Iruñeko Udalak nola Europar Batasunak, Urban Planaren bidez.

Eraikinak hiru solairu ditu. Bigarrena ez zen garrantzitsua, eta bertan jauregiko eta Artzapezpikutegiko langileen logelak zeuden. Espazio horretan, aipatzekoak dira arkutxo zorrotzez osatutako galeria lehengoratzeko lanak, kale Nagusira ematen duen fatxadan.

Zure iritzia eskertzen dugu

Web orria baloratu:

Udalak aintzat hartzen zaitu

Herritarrendako Laguntza

© Iruñeko Udala. Udaletxe Plaza z/g 31001 Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es

Partekatu

Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI